Mende horretatik aurrera Portugaletek apurka-apurka galdu zuen merkataritza eta arrantzaren gaineko monopolioa, Bilboko portuak kenduta. Hasiera batean Portugalete Bilboko aurreportua zen; horregatik ateratzen zen Portugaletetik Burgoseko merkatarien artilea. Hala eta guztiz, Bilbok, monarkia alde zeukala, apurka-apurka merkataritza monopolio hori kendu zion, eta itsasadarraren inguruko lurra ere bai, Barrikatik Erandiora eskuinaldean eta Somorrostrotik Lutxanara, berriz, ezkerraldean.
Lurralde hori Portugaleteri zegokion 1322ko pribilegioaren arabera; horren ondorioz, bertako biztanleek ezin izaten zuten inolako salgairik deskargatu, Portugaleteko alkatearen baimenik gabe. Dena delarik, monarkiak Bilboren alde egin zuen arren, Portugaletek eutsi egin zion itsasadarraren gaineko botere horri XVIII. mendearen bukaera arte.
Ordutik aurrera hiria gehienbat praktikajeari esker bizi izan zen, itsasadarrean sartzen ziren itsasontziei Portugaleteko barra arriskutsua zeharkatzeko laguntza emanez.
Kronologia:
- 1502 – Juan de Garira eta Guiot de Beaugrant teknikariak izendatzen dira Portugaleteko barrari buruzko txostena egiteko, oso arriskutsua baitzen.
- 1515 – Flandeseko buia handi batzuk jarri ziren barran eta kanalaren buruan, bideratu eta hondoa handitzeko xedez.
- 1526 – Karlos V. enperadoreak eta haren ama Joanak berretsi zuten Portugaleteren Pribilegioa. Karlos V.ak eta haren ama Joana andreak Portugaleteren Pribilegioa berretsi zuten Sevillan eta agiria ekainaren 3an ekarri zuten Portugaletera. Sancho Ugarte alkateak hartu zuen. Jatorrizko agiria pergaminozko orri erdi batean dago vaina zeraman argizarizko zigilua aspaldian galdu zen. Agiri hori herriko artxiboan gordeta dago.
- 1530 – Hirurogei brazako kaia egin zen.
- 1540 – Portugaleteko kaiak 400 metro luze egin zituzten.
- 1547 – Burgoseko Merkatarien Unibertsitateak eta Portugaletek ituna egin zuten. Itunaren helburua zen Flandes aldera zihoan artilea, Bilbotik barik, Portugaletetik irtetea. Itunak ez zuen luze iraun, Portugaleteko ontzidiak ezin izan baitzuen Bilbokoarekin lehiatu.
- 1558 – Burgosek, Bilbok eta Portugaletek konpromisoa sinatu zuten, kaietan lanean iraungo zutela. Lanak Erauso maisu harginak zuzendu zituen.
- 1561 – Felipe II.ak berretsi zuen pribilegioa.
- 1568 – Abuztuaren 22an Bilbok eta Portugaletek beste eskritura bat sinatu zuten kaietako lanen gainean.
- 1580 – Bukatu zen Andra Mari elizaren eraikuntza. Egileetako bat Garita maisua izan zen.